Done Bikendi Harana

Done Bikendi Harana

Done Bikendi Harana

Kokapena

Done Bikendi Harana bailararen mendebaldeko ertzean dago, 795 metroko garaieran. Harana ixten du mendebaldetik, eta lehen herria da Oteotik igarota Santa Kurutze Kanpezutik datozenentzat, bai eta Sabando pasatuz Maeztutik datozenentzat ere.

Madozek, 1845 eta 1850 bitarte egin zuen hiztegi geografiko, estatistiko eta historikoan honela deskribatzen du hiribildua: “berezko udala duen hiribildua. Arabako probintzian dagoena (Gasteiztik 7 leg.), Kalagorriko diozesikoa eta Aguraingo zati jud.: Santa Teodosia mendatearen hegoaldean dago, ia laua den alderdian, Harana izeneko bailara ederrean. Mendi altuek mugatzen dute iparretik eta hegotik. Klima hotza egiten du, baina oso osasuntsua. 56 etxe ditu eta bat udaletxea da. Udaleko aretoa egokia da: kartzelan bi ziega daude eta segurua eta osasuntsua da: eskolan neskak nahiz mutilak daude. 33 anega gari ditu eta eskolara 100 ikasle inguru doaz.”

Hiribilduaren sorrera

Micaela Portillak haren Catálogo Monumental lanean dioenez, Fernado IV.aren erregetza garaian hasi zen Done Bikendi biztanleak izaten. Alboko herrixketako jendea joan zen Done Bikendira. Alboko herrixka horietako bat Berberiego izan zen. 1252. urtean dago dokumentaturik, eta egungo herriaren iparrean zegoen. Kalagorriko elizaren baitan botere handia izan zuen herri honek. Izan ere, Kalagorrikoarekin batera elizbarrutia osatzen zuten lau artxidiakonotzetako bateko buru izan zen.

Artxidiakonotza XII. menderako dokumentatu zuten. Jeronimo Aznarren gotzaingoaren elkartasun gutunaren arabera, 1257. urtean artxidiakontza horren baitan zeuden Viana, Bernedo, Harana eta Arraia. Artxidiakontza hitza artxidiakonotik dator, latineko archidiaconus hitzetik: ‘lehena’ esan nahi du, ‘diakonoen edo elizako ministroen burua’. Artxidiakonoa zen apezpikuaren eskuineko eskua. Nekazaritzaguneko artzapezaren, parrokoaren eta gainerako apaizen gainetik zegoen.

Oinetxez eratutako Berberiego herrixkako biztanleek erasoak jasotzen zituzten Gaztelako eta Nafarroako gizon aberatsen eta infantzoi kapareen eskutik. Gainera, zergekin eta zorrekin itotzen zituzten, Berberiegoko jaun eta jabe izatea lortzeko. Izan ere, alboko lurrak nahiz mendiak haienak ziren. Azkenean, Berberiegotarrek oinetxeetatik alde egitea erabaki zuten. Fernando IV.aren baimenaz Done Bikendi esaten zioten herrira aldatzea erabaki zuten: “en derredor de una eglesia que dezien San Vicent” (San Bizente esaten dioten elizaren ingurura). 1295 eta 1312 bitarte beste herrixka bat eratu zuten erregeren lurretan, haren babesa izan nahiaz (e fizieron puebla nuevamente).

Errentarik jaso gabe, antzinako jauntxoek nekazariak xaxatu zituzten, antzinako oinetxetara joatera behartzeko. Azkenean, lapurretak eta hilketak eragin zituzten.

Lopez de Gereñuk Onomasticon Vasconiae lanean dioenaren harira, garai hartako dokumentuen arabera, Berberiegok etxe bakarra zuen 1257. urterako, eta 1326. urterako guztiz hutsik geratu zen. San Ezteberen ermita baino ez omen zen zutik geratu, mende bat lehenago hondatu omen zen antzinako parrokiaren oroimen gisa. 1845 eta 1850 bitarte, honela dio Madozek: “[…] iparrean eta 1/8 legoan San Eztebe ermita dago. Egun biztanlerik ez duen Berberiego herrixkako parrokia eliza izan zen […].” Parrokiako artxiboan XIV. eta XV. mendeko pergamino interesgarriak daude. Dokumentu horiek Done Bikendiko biztanleek herriak erregeren hiribildu izateko pasa behar izan zituen auziak eta gorabeherak jasotzen dituzte.

Nolanahi ere, herrixka berria zaharragoa zen beste herri bateko mugen eta jurisdikzioaren baitan zegoen: Kontrastarenean hain zuzen ere. Beraz, Kontrastakoek bertako nekazaritzat hartu zituzten biztanleak eta gatazkak sortu ziren horregatik. Done Bikendikoek Alfontso XI.arena jo zuten haien kexak azaltzera. Hain arazoak konpondu ezean herritik alde egin eta Nafarroako erresumara joango zirela adierazi zuten. “[…] Done Bikendik salaketa jartzeko asmoa adierazten du, Kontrastako kontzejuagatik eta herrixkengatik […] Done Bikendik salaketa jartzeko asmoa adierazten du, Kontrastako kontzejuagatik eta herrixkengatik […].”

Herria hiribildu bilakatzea eskatzen zuten. Gainera, harresia beraiek egitea ere proposatzen zuten. 1312 eta 1319 bitarteko urteren batean, hiri forua lortu zuten, Maria erregeren amonaren eta Joan eta Pedro infantzoien eskutik (azken horiek Alfontso XI.aren tutoreak ziren, adinez txikia baitzen). Beraz, hiribilduaren gutuna eta pribilejioak eman zizkieten: “[…] para que los nuevos habitantes de San Vicente fuesen mas ricos e mas amparados para mi e para mio servici […] Done Bikendiko biztanle berriak aberatsagoak izan zitezen eta niretzat eta nire zerbitzarientzat babestuago egon zitezen […]”

Nolanahi ere, foruaren aurkako zenbait zerga ordaindu behar izan zituzten. Horren ondorioz, 1326. urtean, eta jada Alfontso XI.a adinez nagusi izanda, Done Bikendiri Kontrastak zuen hiribildu independentearen maila bera ematea lortu zuten, hots, maila juridiko eta fiskal bera lortu zuten. Gasteizko Forua ere eman zioten, nahiz eta aurreko tutoreek emana izan. Horrenbestez, Done Bikendi “[…] berez erregeren hiribildu” bilakatu zen, “Kontrastaren ahotsari men egin behar izan gabe, Gasteizko Foruaren bitartez eta hiribildu izateko inguratzeko baimena emanez”.

Mendeen joan etorriarekin batera, hiribildu horrek nahiz Harana osoak jasan behar izan zituen Gaonatarren nahikeria geopolitikoa. Gaonatarrak oinaztarren leinukoak ziren eta leinua tinko ezarririk zegoen mendiak zeharkatuz zihoazen Ebrotik Lautadaranzko sarbideetan. XIV. mendearen amaieran, bailaran ezarri ziren indarrez, Enrike II.a Trastamaranek Kontrastako jaurerria nahiz Uribarri eta Alda herrixkak eman eta gero.

Gaonatarrak batetik, eta Lazkanotarrak bestetik, jaurerriak Done Bikendiraino zabaltzen saiatu ziren. Hala ere, errege-erreginek hiribildua babestu egiten zuten beti. 1505eko apirilaren 23ko Joana erreginaren epai baten bidez, hiribilduak erregerena izaten jarraitu zuen, Bernardino Lazkanok, hots, Kontrastako eta haren herrixken jauntxoak bestela nahi zuen arren. 1513an, Done Bikendik mila marabediko eta hogeita hamar gari anegako urteko zerga barkatzea erabaki zuen erreginak berak. Baliteke hori izatea hiribilduko parrokian Joanaren eta Feliperen armarriak azaltzearen zergatia. Mende eta erdi geroago, hots, 1638. urtean, Felipe IV.ak hiribilduaren erregeren pribilejioak berretsi zituen.